Patxi Ezkiaga

Patxi Ezkiaga
Bizitza
JaiotzaLegorreta, 1943ko irailaren 12a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza2018ko ekainaren 28a (74 urte)
Hezkuntza
HeziketaCambridgeko Unibertsitatea
Oxfordeko Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
euskara
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta monjea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordenaKristau Eskoletako Anaiak

Inguma: patxi-ezkiaga-lasa Literaturaren Zubitegia: 180

Patxi Ezkiaga Lasa (Legorreta, Gipuzkoa, 1943ko irailaren 12a - 2018ko ekainaren 28a) euskal idazlea eta elizgizona (Kristau Eskoletako Anaia edo salletarra) izan zen.[1] Zenbait lan idatzi zituen, eta sariak jaso ere bai. Hil ondoren, sexu abusatzaile izan zelako salaketak egin zizkioten[2] eta, horren ondorioz, Legorretako Udalak baliogabetu egin zuen seme kuttun izendapena, eta Etxezarreta parkean haren omenez zegoen eskultura kentzea erabaki zuen.[3]

Bizitza eta obra

Literatura ikasketak egin zituen Cambridgeko eta Oxfordeko unibertsitateetan. Geroago, Historiako lizentzia eskuratu zuen Deustuko Unibertsitatean.

Irakasle izan zen urteetan Donostiako La Salle ikastetxean, eta lan handia egin zuen glotodidaktikaren arloan.

Literatura sari asko irabazi zuen: Felipe Arrese Beitia (1984), Irun Hiria (1985, 1986 eta 1999), Lizardi (1985 eta 1987), Azkue (1987), Kritikaren Saria (1988 eta 1997), Julene Azpeitia (1990), Jon Mirande (1991 eta 1995), Agustin Zubikarai (1998 eta 1999), besteak beste.

Poesia landu zuen batez ere: Beldur naiz (1985); Aiodi herriko kantak (1986); Armaggedon (1986); Gernika (1987); Keiko eta beste udazkenak (1988); Komediaren Jainkoa (1993); Zauriaren salmoak (1997); Udazkenerako hamar kanta (1999).

Euskal Herriko Unibertsitateak Ezkiagaren obraren antologia bat argitaratu zuen 1994an, Haize hurbila izenburupean.

Bestalde, hiru eleberri ere idatzi zituen: Charles Moulay (1990), Bi zisneen hegada (1992) eta Zure haragi bereko (1996).

2005ean, Pedro Berrondok 1976an egindako On Kixote Mantxakoaren euskarazko itzulpenetik antologia bat prestatu eta euskara batura ekarri zuen Ezkiagak.

Sexu abusuak

Salaketak

Patxi Ezkiaga hil eta sei urtera, 2024ko maiatzaren 31n, Marisol Zamorak salatu zuen bera umea zela Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola. Eliza katolikoaren pederastia kasuez Espainiako El País egunkariak landutako bosgarren txostenaren barruan jaso zen salaketa.[4] Egun batzuk geroago, Berria egunkariarekin egindako elkarrizketa luze batean salaketaren eta gertatutako abusuen xehetasun guztiak eman zituen Zamorak.[5]

Marisol Zamorak salatu zuenez, berak 8-9 urte zituela egin zizkion lehenengoz sexu abusuak Patxi Ezkiagak, 1970eko hamarkadan. Azken aldiz, 1980ko hamarkadan, Zamorak 13 urte zituela; Ezkiagari mehatxu egin zion salatuko egingo zuela, eta halaxe geldiarazi zituen abusuak. Zamorak aitortu zuen erasoak salatzeko orduan oztopoa izan zela Ezkiaga ezaguna izatea. Ezkiagaren pederastia 1990eko hamarkadan eta haren inguruan ezaguna zela ere salatu zuen Zamorak.[6]

Lehen salaketak argitara atera eta aste batzuetara, 24 emakume gehiagok berretsi zituzten Patxi Ezkiagaren aurkako pederastia salaketak, 1990eko hamarkadan zehar gertatutakoak, El País egunkariaren ikerketa barruan; halaber, Sebastian Grandmontagne beste irakaslearen aurkako salaketak azaldu zituzten.[7] Zehazki, lau emakumek azaldu zuten erasoak gertatu ziren garaian ikastetxea jakitun zela Ezkiagaren abusu sistematikoez, hurbileko irakasleen aurrean salatu baitzituzten, baina ikastegiak ez zuela deus ere egin, ez ikasleak babesteko, ez erasotzailea geldiarazteko.[8]

Erreakzioak

Salaketen aurreko erreakzioetan, Gorka Bereziartua kazetari eta kultura komentaristak idatzi zuen gutxienekoa zela Legorretako Udalak seme kuttun izendapena kentzea eta herrian Ezkiagak zuen eskulturarekin zer egin birpentsatzea.[9] Erabaki horiek biak gauzatu zituen Legorretako udalbatzak, hain zuzen, salaketak zabaldu eta gutxira.[3] Hala, Legorretako Udalak erabaki zuen 2024ko ekainaren 7an, aho batez, Ezkiagari emandako ohorezko izendapena baliogabetzea, herrian duen eskultura oroigarria erretiratzea eta herriko kultura etxeari haren izena kentzea.[10]

Pederastia salaketak eragindako erreakzioen artean, Blanca Urgell filologo eta irakasleak zutabe bat argitaratu zuen Berria egunkarian, aitortuz sinesten zuela Marisol Zamorak egindako salaketa.[11] Bide berean, Xabier Gorrotxategi arkeologo eta historialariak iritzi artikulu batean aldeztu zuen «gure memoria kolektiboak muzin egin behar» diela gizakien aurka jardundakoak gune publikoetan ohoratzeari, eta abusuan jasandakoen aldeko elkartasuna adierazi zuen.[12]

Zamorak emandako zehaztasunen arabera, Ezkiagaren pederastia erasoek zenbait urtez iraun zuten; salaketa argitaratu orduko, beste hamar pertsonak baieztatu baitzioten haiek ere jasan zituztela. Horrez gain, adierazi zuen «fraideek ere bazekitela zerbait», ikasleen artean aski ezaguna baitzen Ezkiagaren jokabidea, frogatzea ezinezkoa izan arren, «haien artean elkar estaltzen» zutelako.[5] Gutxienez beste hiru emakumek eman zuten Ezkiagaren sexu erasoen berri, Zamoraren salaketa argitaratu eta hurrengo egunetan.[13]

Kongregazioaren jarrera

Ezkiaga irakasle izandako Donostiako La Salle ikastetxeko arduradun batek, Berria egunkariaren galderei erantzunez, «jazotakoa gaitzetsi eta barkamena eskatu» zuen hasiera batean, ez zutelako asmatu «erakundearen zaintzapean zeuden pertsonak babesten». Halaber, ziurtatu zuen «barne ikerketa bat» egiten hasi zela kongregazioa eta eskatu zien sexu abusuak jasandakoei haiekin harremanetan jartzeko.[14]

Alabaina, salaketak ugaritzen joan ziren neurrian, La Salle ikastetxeak barne ikerketa oztopatzea leporatu zion El País egunkariari, ez baitzuten salaketak egindako «24 pertsona horiek nortzuk diren argitzeko modurik».[8]

Idazlanak

Narrazioa

  • Uso bat gehiago (2002, Ibaizabal)
  • Charles Moulay (1990, Sendoa)

Nobela

  • Bigarren haurra (2002, Euskaltzaindia - BBK)
  • Zure haragi bereko (1996, Erein)
  • Charles Moulay (1990, Sendoa)
  • Bi zisneen hegada (1992, Sendoa)
  • Munduaren amaierako kalea (2003, Kutxa Fundazioa)

Poesia

  • Beldur naiz (1985, BAK)
  • Aiodi herriko kantak (1986, Kutxa)
  • Armaggedon (1986, Eusko Jaurlaritza)
  • Gernika (1986, Erein)
  • Fadura (1987, Kutxa)
  • Terrala (1990, Sendoa)
  • Baladak (1990, Sendoa)
  • Haize hurbila (1994, Euskal Herriko Unibertsitatea)
  • Komediaren jainkoa (1993, Euskaltzaindia - BBK)
  • Udazkeneko hamar kanta (1999, Kutxa)
  • Zauriaren salmoak (1997, Bermingham)
  • Deabruaren eztarria (1990, Sendoa)
  • Ispiluaren isladaketak - Keiko eta beste... (1988, Elkar)
  • Jaunarekin supazterrean (2003, Arantzazu)
  • Mahats-garaian (2004, egilea editore)

Haur eta gazte literatura

  • Izeba Maripi (1996, Elkar)
  • Ibaiak itsasoari... (2003, Ibaizabal)

Biografia

  • Iñaki Olabeaga (1901-1983) (2001, Eusko Jaurlaritza)

Itzulpenak

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
  1. Lizarralde, Mikel. (). «Patxi Ezkiaga idazle irakasle eta itzultzailea hil da 74 urte zituela» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-08-13).
  2. Bastida Alzuru, Jone. (2024-05-31). «Patxi Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola salatu du emakume batek» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
  3. a b Etxaleku, Iñaki. (2024-06-07). «Legorretako udalak Patxi Ezkiagari egin goraipamen guztiak kentzea erabaki du» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
  4. (Gaztelaniaz) Domínguez, Iñigo; Núñez, Julio; Castro, Sara; Alemany, Pau. (2024-05-31). «Un quinto informe con nuevos testimonios eleva ya a más de 1.500 los acusados de pederastia en la Iglesia española» El Pais (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
  5. a b Bastida Alzuru, Jone. (2024-06-07). «Marisol Zamora: "Zama bihurtu zait gertatutakoa barruan gorde izana eta hitzez adierazi ezina"» Berria (web.archive.org).
  6. Bastida Alzuru, Jone. (2024-05-31). «Patxi Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola salatu du emakume batek» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
  7. (Gaztelaniaz) Domínguez, Íñigo. (2024-06-21). «La Salle conocía las agresiones sexuales del director de su colegio de Donostia, pero no hizo nada» El País (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-22).
  8. a b Iztueta Olano, Maddi. (2024-06-21). «Lau emakumek salatu dute La Sallek bazuela Ezkiagaren sexu abusuen berri» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-22).
  9. Bereziartua, Gorka. (2024-06-02). «Patxi Ezkiaga eta isiltasun jasangaitza» Boligrafo gorria (Noiz kontsultatua: 2024-06-03).
  10. Legorretako Udalaren adierazpena Patxi Ezkiaga Lasaren aurkako salaketa publikoaren harira. web.archive.org.
  11. Urgell, Blanca. (2024-06-05). «Sinesten dizut» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-06).
  12. Gorrotxategi, Xabier. (2024-06-12). «Patxi Ezkiaga, heroiaren erorketa» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-12).
  13. (Gaztelaniaz) Domínguez, Íñigo. (2024-06-07). «Tres mujeres más acusan de pederastia al religioso Patxi Ezkiaga: “Lo sabía todo el colegio. Somos muchas. Hay un pacto de silencio”» El Pais (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
  14. Bastida Alzuru, Jone. (2024-06-05). «La Sallek sexu abusuak jasan zituztenei eskatu die jo dezatela haiengana, gertatutakoa ikertzeko» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-06).

Bibliografia

  • Ertzibengoa Otaegi, Joxe (1998): Patxi Ezkiagaren "Zaurien Salmoak". Egan, 51 (3/4), 137-144. orr.

Kanpo estekak

  • «Patxi Ezkiaga», Literaturaren Zubitegia.
Autoritate kontrola
  • Wd Datuak: Q12265606